Sami Ahed Abdullah Maslah Abu Deyak

Sami Ahed Abdullah Maslah Abu Deyak

Adina: 36 urte

Helbidea: Selat Al Thahr

Egoera zibila: ezkongabea

Atxiloketa-eguna: 2002.07.17

Espetxea: Ramlehko espetxea eta klinika

Barrutia: Jenin

Lege-egoera: 3 biziarteko espetxe-zigor eta 30 urteko kartzelaldia

Osasun-egoera: hesteetako minbizia

 

6.161 espetxe-egun

Sami Abu Deyak atxilotzeko lehenengo saiakeran, okupazio-indar israeldarrek hanka lesionatu zioten, ez zuten besterik lortu. Bigarren aldiz, 2002ko uztailaren 17an, haren herrixka, Selat Al Thahr, eraso eta atxilotu egin zuten. Horretan ari zirela, besoak eta burua kolpatu zizkioten. Horrez gain, haren bi lagun erail eta beste bat zauritu zituzten. Atxilotuta, itaunketa trinkoa egin zioten Jalamehko galdeketa-zentroan, non hainbat tortura fisiko eta psikologiko mota jasanarazi zioten.  Itaunketek iraun zuten denboran, hiru aldiz eraman behar izan zuten ospitalera, torturaren ondorioz, eta, aldi guztietan, Israelgo okupazio-indarrek atzera galdeketa-geletara eraman zuten ospitaletik atera bezain laster. 75 egunez itaunketa eta tortura luze bezain latzak pairatu ondoren, okupazio militarraren auzitegiak hiru biziarteko kartzela-zigorrera eta 30 urteko espetxealdira kondenatu zuen Sami Abu Diyak.  17 urte bete ditu, asko eta asko espetxe barruan lekuz aldatuta eta kartzela, klinika eta ospitale artean. Bakartasun-erregimenean egon da, hainbat bider hilak eta hilak bere familiarengandik, abokatuengandik, kanpoko mundutik eta beste preso batzuengandik aldenduta; horrez gain, preso palestinar guztiei bezala, errepresio eta umiliazio ezin latzagoak jasanarazi dizkiote. Kartzelatu berritan, gurasoek ezin izan zuten bisitatu, eta anaiek, dagoeneko aske daudenek, debekatuta dute bisitan joatea. Sami espetxeratu eta 3 urtera, okupazio-indarrek haren anaia Samer atxilotu zuten, eta 25 urteko biziarteko kartzela-zigorrera kondenatu. Anaiek okupazio-indarren presondegien bereizgarri den zabarkeria medikoa pairatzen jarraitzen dute.

Gaixotasunaren ezpatapean

2015ean, Rimongo kartzelan zegoela, Samik sabeleko mina sumatu zuen. Hango klinikan, analgesikoak eman zizkioten, egoki diagnostikatu barik; bi aste geroago, konortea galdu zuen, eta orduan Sorokako ospitalera eraman zuten. Han, ebakuntza bat egin zioten, eta Samerri esan zioten, Hadarimgo espetxean zegoela, Samiri apendizea kentzeko ebakuntza egin behar ziotela. Hura egin eta bi egunera, Sami Ramlahko kartzelako klinikara eraman zuten, non sendagileak esan zuen presoaren egoera ez zela normala eta minak jota segitzen zuela. Orduan, Sorokako ospitalera eraman zuten berriro; ebakuntza egin zion medikuak aztertu eta dena ondo zegoela esan zuen. 48 orduan, Samik bost joan-etorri egin behar izan zituen Ramlahko espetxeko klinikatik Sorokako ospitalera, baina ez zioten diagnostikorik egin, etengabe minak egon arren. Seigarren aldian, Assaf Harofeh erietxera eraman zuten: sartu bezain pronto, ebakuntza egin eta 30 cm heste kendu zizkioten, minbizia diagnostikatuta. Ospitale horretan egon zen denboran, lau hilabetean, lau ebakuntza egin zizkioten. Haren osasun larria are gehiago larriagotu zuten bai diagnostiko okerrak bai apendizektomiak, Sorokako ospitalean aurretik egindakoak, eta 34 egunez koman egon zen.  Asaf Harofeh ospitalean hesteetako ebakuntza egin ziotenean, Hadarimgo espetxeko administrazioak esan zion anaiari, Samerri, Samiren egoera oso larria zela, eta azken aldiz ikus zezan baimendu zioten. Assaf Harofeh erietxera iritsi zenean, Sami konorterik gabe zegoen, osasun-egoera oso larrian, baina eskuak eta oinak bilurtuta oraindik ere. Samer sendagilearekin bildu zen, Sorokako ospitalean, eta hark anaiaren osasun-egoeraren eta egindako esku-hartze medikoen berri eman zion; horrez gain, jakinarazi zion Samiren egoera ezin txarragoa zela eta gailu medikoak kenduko zizkiotela. Hurrengo egunean, okupazio-agintariek Sami azkenengo aldiz ikustera eraman zuten haren familia.  Alabaina, azken unean, Samik atzamarrak mugitu zituen, eta begi bat ireki zuen; horrenbestez, sendagileek gailuak ez kentzea erabaki zuten. Ramlahko presondegiko klinikara eraman zuten, non kimioterapia jaso zuen 8 hilabetez. Ondoren, berriro eraman zuten Raymoungo espetxera. 2017an, mina jarri zitzaion berriro, eta Ramlahko espetxeko klinikara eraman zuten beste behin. Proba batzuk egin ostean, minbizi-masa bat topatu zioten urdailean; ondorioz, kimioterapia jaso zuen berriro, Assaf Harofeh erietxean, 12 hilabetez. Bigarren tratamendua hasi zuenean, sendagileak jakinarazi zion Samerri eritasuna hesteetara hedatuta zegoela eta botika ez zela ari eraginik izaten. 2017. urtearen amaiera aldera, Samer Ramlahko espetxeko klinikara lekualdatu zuten, anaia zain zezan. Oraindik ere, Samik botikak eta analgesikoak hartzen ditu mina arintzeko, eta ezin du normaltasunez jan eta lo egin; gurpil-aulki batean baino ezin da mugitu, eta arreta berezi eta etengabea behar du eguneroko bizimodua egiteko.

 

Familia eta zabarkeria medikoa: bi armairu ziega batean

Sami Abu Deyaken kasua Israelgo espetxeetan izaten diren eta oso antzekoak diren asko eta askoren arteko bat da. Eritasun larriak ez ezik, zabarkeria medikoa ere pairatzen du. Hala, nabarmena da okupazio-agintariek presoen bizitza mespretxatzen dutela, bai eta, nazioarteko zuzenbidearen arabera, haiekiko dituzten erantzukizunak ere. Lehenik eta behin, okupazio-agintariek Sami diagnostikatzea eragotzi zuten; analgesikoak eman besterik ez zuten egin, luzaroan egon bazen ere minak jota.  Ez zioten aukerarik eman mina sumatu eta berehala beharrezko azterketa medikoak egin ziezazkioten, eta horrek sufrimendua areagotu eta gaixotasuna larriagotu zizkion. Azkenean ospitalera eraman zutenean ere, ebakuntzan eginiko akats batek haren osasun-egoera kaltetu, eta koman egon zen luzaroan. Genevako Laugarren Hitzarmenaren 76. artikuluak dio preso baten osasun-egoerak eskatzen duen arreta medikoa eman beharra dagoela. Sami oso larri zegoen, eta egoera zehatz hartarako arreta mediko egokia eman behar zitzaion. Esto estaba y todavía no está disponible en... Halakorik ez zegoen, eta egun ere ez dago, Ramlahko espetxeko klinikan, non ez diren betetzen Samiri tratamendua emateko beharrezko arreta medikoaren gutxieneko baldintzak. Samiri ebakuntza egin eta bi egun geroago atzera Ramlahko presondegiko klinikara eraman izanak nazioarteko hitzarmenek bermatzen dutena urratzen du, arreta mediko egokia eman dadin eskatzen baitute, Ramlahko espetxeko klinikan ez dagoena. Presoen trataerari buruzko gutxieneko araudiaren 27. artikuluak honela dio:

"Espetxe guztiek bermatu beharko dute kasu larrietan berehala jasotzea arreta medikoa, eta arreta espezializatua edo kirurgia behar duten presoak erakunde espezializatuetara edo ospitale zibiletara eraman beharko dira. Presondegiak zerbitzu medikoak baditu, ospitale-instalazioak barne, langile eta ekipamendu egokiak izan beharko ditu beharra duten presoei tratamendu eta arreta-zerbitzuak emateko".

 

Sami Abu Deyak presoaren kasuan, ez zuen berehalako arreta medikorik jaso, eta ez zen egon prestaturiko ospitale zibiletan bere osasun-egoera larria tratatzeko behar beste denbora. Okupazio-indarrek ospitale zibil eta Ramlahko espetxeko klinika artean ibili zuten, askotan, eta azken horretan ez dago ez ospitale-instalaziorik ez langile espezializaturik ez tratamendu-zerbitzu egokirik. Joan-etorri horiek Samiren sufrimendua areagotu zuten, haren egoera larriagotu, eta nabarmen urratu zuten tratamendu eta arreta mediko egokia jasotzeko duen eskubidea. Espetxe bateko klinikan Samerrek bere anaia gaixoa zaindu behar izateak, edo beste preso batzuek gaixorik daudenak, argi eta garbi erakusten du halako kliniketan ez dagoela baliabide, sendagile eta erizain nahikorik gaixo dauden presoei beren behar eta osasun-egoeraren araberako arreta emateko. Bi astez sufritzen izan, inongo diagnostikorik gabe, bere osasun-egoera larria arintzeko inolako arreta medikorik eman ez eta espetxetik ospitaleetara eta alderantziz etengabe eramateaz gain, oso gaixo zegoenean, bakarturik eduki zuten, eskuak eta oinak ohera lotuta, baita konorterik gabe zegoenean ere.

Samiren kasua preso palestinarren bizitza eta ongizatearekiko mespretxu nabarmenaren jarraipena da, zeinetan okupazioak presoen osasun-eskubidea eta arreta mediko egokia jasotzekoa behin eta berriz urratu dituen. Samiren osasun-egoerak okerrera egin bazuen ere, espetxe-administrazioko askatasun aurreraturako batzordeak gaitzetsi egin zuen askatasun aurreratua izateko haren eskaera. Batzordeak, bere erabakia arrazoitzeko, 2016ko Lege Antiterrorista aplikatu zuen; bertan, hala nola jasotako zuzenketetan, hauxe dago xedatuta: “Lege Antiterroristaren arabera preso bati erailketa planifikatua edo lagunduriko erailketa egozten bazaio, ez du kodena laburtzeko aukerarik izango”.

Sami Abu Deyakek bere larruan bizi ditu okupazioaren izenean egiten diren presoen oinarrizko eskubideen bortxaketak:  gaixotasun larriak dituztenei erantzun egokirik ez ematea, atzerapena gaixotasunak diagnostikatzeko orduan, zerbitzu mediko egokiak ukatzea, zaintzarik eza, leku batetik besterako joan-etorri etengabea eta zabarkeria medikoa. Preso asko hiltzen dira horregatik. Zabarkeria medikoaren eta bai presoen eskubideen bai nazioarteko zuzenbidearen urratze horien ondorioak atxiloketa gertatu bitartean jasaten dira, hala nola preso palestinarren eta beren senideen bizitzetan eta osasun fisiko nahiz mentalean, baita askatasuna erdietsi dutenean ere.

 

Last Update